XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izan ere, hizkuntza arrotza ikasten ari denak ez du bere ezagupen linguistikoaz baliatzeko eta bere adierazpena askatzeko aukerarik, baldin eta egoki antolatutako ekintzen bidez bere diskurtsoan inplikatzeko biderik ematen ez bazaio eta bere bizitzan inplikazio horretara bultzatuko duten problema haundiei, gertaerei eta ideiei tokirik egiten ez bazaio.

b) Hezigaia gaur hezkuntzaren hartzaile eta gero irakasle izango den gizabanakoa.

Jakiteak eta trebetasunaren eskakizunei erantzun beharko die, jakina, ikaslearen motibazio, ikaskuntza eta hauen inplikazioei egoki aurre egitera beharturik dagoen hizkuntz irakaslearen hezkuntzak.

Baina, aztertu dugun berrikuntza kontutan harturik areagotu egiten da joera berriak eta erreflexu pertsonalak eskuratu beharra.

Izan ere, irakasleak ez du nahiko izango ikaskuntzako psikologiaren eta tresneria metodologikoaren ezagutza ona edukitzearekin; horrez gain, disponibilitatea, malgutasuna, entzuteko eta egokipenerako gaitasuna ere beharko ditu, baldin eta ikasleen beharrak ezagutzeko, beharren adierazpena errazteko eta ikasleekin batera irtenbideak aurkitzeko gauza izan nahi badu.

Maila honetan, hezigaiaren bizitza bera areago izango da hezkuntzaren oinarri ezagutza teorikoak baino.

Taldelanari, autohezkuntzari eta irakaskuntza bakoiztuari buruzko adierazpenik argienak baino eragin sakonago eta iraunkorragoa izango dute hezkuntz egoera desberdin askotan egoteak, taldean lan egiteak eta bilaketa eta produkzio-lanetan aritzeak.

Era berean, bihar irakasle izango den gaurko hezigaiaren autonomiari lagunduko dion guztia izango da bera gero bere ikasleen autonomizazioa eta sormena sustatzera bultzatuko duen jarreraren bermerik sendoena.

Bestalde, gizabanako eta hezkuntzaren hartzaile den neurrian, hezigaiak eduki desberdin askotako informazio profesionala (linguistikaren, ikaskuntz filosofiaren, psikologia sozialaren emaitzak) jasotzeko eta hizkuntz irakaskuntzaren esparruan metodologia desberdinetan jantzia egoteko eskubidea du.

Aintzinako eskolak bere ikasleak molde orokorretan moldatu nahi izan dituen bitartean, gaurkoak aniztasunerako eskubidea aitortu ez ezik, eskubide horri dagokion hezkuntza ere eman behar du (De Landsheere: 14. or.).

Hezkuntz sistemari buruz orohar egia den hori egia argiagoa da irakasleen hezkuntz sistemari dagokionean.